Pullangua baserrian sei lagun bizi dira, sei kideko familia. 2 eta 15 urte bitarteko semeak poz eta ika-mika iturri dira Oñatiko familia handi eta alai horretan




Yüklə 22.95 Kb.
tarix22.04.2016
ölçüsü22.95 Kb.
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2008-01-22&orria=050&kont=005

2008-01-22 1.991 hitz



Etxea bete ume

Pullangua baserrian sei lagun bizi dira, sei kideko familia. 2 eta 15 urte bitarteko semeak poz eta ika-mika iturri dira Oñatiko familia handi eta alai horretan.

Idoia Etxeberria

Oñati


Belen Anduaga irribarretsu irten da baserri atarira. Lehenengo solairuan daude familiako gainerako kideak. Egongelan. Senarra eta lau semeak. Telebistan, Txirri, Mirri eta Txiribiton. Eta Aitor haiei begira, adi-adi. «Hipnotizatuta bezala egoten da!». Ander sofan, Aitorren ondoan. Bittor lurrean eserita, jolasean, bisitan etorri den lehengusuarekin, Asierrekin. Eta zaharrena, Mikel, zutik. Presa du: kalera doa, lagunengana. Oinez; bizikletan, bestela. Pullangua baserria talaia aproposa da Aloña eta Udalatx ikusteko, baina ez dago kaletik urruti. «Eskerrak horri, bestela gasolinarako ere ez!».

Nerabea da Mikel. 15 urte ditu. «Eta beti eskean dabil», esan du amak. «Baina ez du ezertarako balio!», ondotik semeak. Futbolean ondo moldatzen da. «Eta ikasten, erdipurdi!», Andres Zubiagirrek, aitak. Kosta egiten zaio eskolako lanei heltzea. Mikelen ustez, familian asko izatea dibertigarria da, «ez zara aspertzen sekula». Hori bai, alde txarrik ere ikusten dio: «Zaharrena naizenez, beti etsenplua emateko esaten didate, eta batzuetan ez da batere erraza». Bittorrekin egiten du borroka gehien, «bihurriena bera delako». Bittorrek sei urte dauzka. Anderrek 13, eta Aitorrek bi, egin berriak.

Zailena horixe dela dio Belenek, hain adin ezberdineko umeak heztea. «Bata nerabezaroan, larunbatetako irteerak direla, ordutegia dela... borroka horrekin gabiltza. Txikiek, berriz, goiz jaiki eta beste erritmo bat daramate. Eta askotan oporretara joateko edo igandeko plana egiteko, lauron beharrak nahiko ezberdinak dira, eta zaila da denon gustua egitea». Eta zer esanik ez: bere gustukoak egin gabe geratu behar izaten du sarri. «Ez dakit noiz izango zen azken aldia biok bakarrik zerbait egin genuena: zinemara joan edo antzerkira...». Barre egin du. Andresek ere bai: «Bai, gizona abandonatuta dauka, podiumetik kanpora!».

«Baina abantaila bat ere badu: asko zaintzen dute elkar. Eta lagundu ere egiten dute; beharra dagoenean ikusten dute». Bi txahal dituzte, eta zaharrenek sarritan ateratzen dizkiete azpiak. «Lurrari buelta eman ere bai...». Hori bai, amona hil zenetik baratzea pixka bat utzita daukate. «Ezin denera iritsi! Amona tirri-tarra ibiltzen zen egunero... Udan nahiko txukun edukitzen dugu: tomateak eta. Baina neguan...», dio Belenek. Andres ez du horrek arduratzen: «Mutikoek bentaja pixka bat egiten dutenean, Iberdueron baino indar gehiago egongo da hemen!».



BITTORREN BIHURRIKERIAK. Bittor saltoka sartu da sukaldera. Eta grabagailuari begira-begira geratu da, jakin-minez. «Gauza politak esan, e!», esan dio aitak. «Bihurrikeria denak grabatuko dizkizu horrek!», amak. «Oso mugitua da. Jolasean ibiltzen da denekin... Oso saltseroa izan da beti. Eta oso autonomoa. Sarritan bere kasa ibiltzen da, nora doan esan barik, eta argi ibili behar da. Behin koinata Bittorrekin zegoen kalean, eta halako batean mutikoa falta!». Larritu egin zen. Baina Bittor ez. «Bazekien autoa non zegoen, eta hantxe zegoen, auto gainera igota, izebaren zain». Ogitartekoa eskatu du. Merienda. Nocilla.

Biek egiten dute lana etxetik kanpo: Andresek Ulma lantegian, eta Belen Elkarhezi ikastetxeko irakaslea da. Jardunaldi erdira dago, umeen eta etxearen kargu egin ahal izateko. «Andresek batzen ditu umeak arratsaldeetan. Eta goizean nik eramaten ditut. Umeek eta nik ordutegi bera dugunez, ondo moldatzen gara. Elkarrekin bazkaltzen eta afaltzen dugu egunero, eta hori oso garrantzitsua da». Hori bai, kexu da jardunaldi murriztua eskatzeko jarri dituzten baldintzekin: «Lehen, paperak behin eginda nahikoa zen urtebeterako. Orain, hiru hilean behin paperak berriro bete behar dituzu! Erroldakoak, elkarbizitzakoak... denak! Ez dakit jendea nekatzeko eta gutxiago eskatzeko izango ote den... Ez da oso normala. Ingurugiroarentzat ere kaltegarria da hainbeste paper erabiltzea!». Laguntzetan bai, hobekuntzak izan direla dio, «beste sentsibilitate bat» sortu dela. «Baina laguntzengatik ezin zaitezke umeak edukitzen jardun!». Ez dira Hirukide elkarteko kide, baina badute asmoa egiteko.

Ander agur esatera etorri da. Lagunengana doa bera ere, kalera. «Lotsatia da. Eta umezain bikaina, Aitor ondoen zaintzen duena», amak dioenez. «Gero zer egiten duzu, grabatutakoa Poliziari erakutsi?»; Bittorren ahotsa da. Halako galderak entzuten ohituta daude Belen eta Andres. Beti lanez lepo ibili badabiltza ere, lasai hartzen saiatzen dira: «Ikasi dugu gauzak erlatibizatzen. Lehentasunak jartzen. Egunen batean egongela garbitu gabe utzi arren, ez dut sufritzen horregatik. Hasieran bai, baina orain ez», azaldu du Belenek. Eta Bittor aspertu da sukaldean: «Axi, etorri nirekin!». Egongelara joan dira.

Kontsumoari mugak jartzen ere asmatzen dute: «Ezin zaizkie eskatutako joko denak erosi... Ezin bada, ezin da. Eta oporretarako, ikusi egin behar inora joan gaitezkeen... Baina ez dute asko eskatzen. Aurtengo Gabonetan Play Station ekarri dugu; urteetan eskatzen ibili dira, eta aurten ez dute eskatu. Eta ekarri egin diegu. Baina ez berriena». Eta Belenen arabera, merezi izan du aurretik ez ekartzea, «jarri zuten aurpegia ikusteko!». Bittor sukadean da berriro. «Ama, non daude nire zaldiak?». «Otzaran».

«Lehengusu asko dituzte, eta ohitura daukagu arropak besteei emateko, irauten duten bitartean. Aitorri nik ez diot arroparik erosten. Zapatak bakarrik». Eta eskuko telefonoa seme zaharrenak soilik dauka, «eta berak erosita beste lagun bati, bigarren eskukoa. Iaz eskatu zuen lehen aldiz, bere egunerako, eta ezetz esan genion, Oñatin ez dagoela beharrik. Gu ez gara batere zaleak: badaukagu, baina ez dugu erabiltzen. Eta lagunari erosi zion. 'Zuk aurreztutako diruarekin zuk ikusi zer egiten duzun'. Baina ez du asko erabiltzen, ikusten du dirua agudo joaten zaiola!».

Belenek bost anai-arreba ditu; Andresek bost. Eta gustuko dituzte familia handiak. Berotasun hori. «Denon artean ejerzito bat ume daukagu!», esan du Andresek umoretsu. Oso umezalea da bera ere. «Aberastasuna da lanetik bueltan etxea umez bete-bete eginda edukitzea». Are gehiago: itzultzean inor ez baldin badago, familiaren bila joaten da sarri. «Hiru edukitzea geneukan pentsatuta», argitu du Belenek. «Hirugarrena atzeratu egin genuen, Antropologia ikasten hasi nintzelako. Eta laugarrena sorpresa izan zen». Disgustu txiki bat ere bai, Andresentzat: «Bai. Beste ume bat: kolpe bat; eta mutikoa, bigarren kolpea! Hiru igual edukita, zer eskatuko duzu ba? Diferentea!». Beleni horrek ez dio buruko min handirik eman, baina Andresek bere ametsa neskatilatxo bat izatea zela dio, «beti aitaren ondorenean ibiliko zena... Txinatar pare bat adoptatuko ditugu, morrosko hauek pixka bat dominatzeko!». Barre egin dute.

Bittor eta Asier jogurta jaten ari dira. Aitor ere bai. Eta bera bakarrik! «Oso ondo! Jateko, denak dira onak. Dagoena jan behar, hemen ez dago koplarik!». Autoa aldatu behar izan zuten. «Baina etxean ere gustura egoten gara. Jolasteko nahi beste leku dute hemen, ez zara itota sentitzen». Beste hainbat ume ere etortzen dira. «Lehengusuak, lagunak... dozena bat ume erraz! Haurtzaindegia ematen du», esan du Andresek. «Umeak ohera eraman, eta sofa gainean plausta geratzea, momentu hori ederra da!». Belenek arrazoia eman dio. «Gaiztakeria potolorik ez dute egiten, baina mugak jarri behar dira; asmatzea ez da erraza. Libururik ez da etortzen eta!».

 

«Ondo antolatzea da gakoa»

I. Etxeberria

Donostia

Alvareztarren etxea gutxitan egoten da hutsik. «Helduenak 12 urte ditu, bikiek 11, beste neskak zazpi eta bi mutikoek: batek hiru eta erdi eta txikienak urte eta erdi». Eta bakoitza mundu bat da: «Pertsona zoragarriak deskubritzen noa egunetik egunera; denak erabat ezberdinak». Ez ziren bila joan, etorri egin ziren. Eta eskuzabalik hartu zituzten. «Grazia egiten dit 'nik hiru izan nahi ditut', 'nik lau', esaten duen jendeak. Egia esanda, nik sekula ez dut pentsatu hiru-lau-bost, zenbat ume izan. Bizitza abentura bat da, eta gu abenturan parte hartzen ari gara. Eta pozik gaude gure sei seme-alabekin».

Biek egiten dute lan; «poztasunarekin eta mota guztietako ahaleginarekin egiten dugu aurrera. Dirua gastatzen umeak hezteko eta laguntza topatzen guk gure lana egiteko. Ohitu egiten zara, eta normala iruditzen zaizu beste batzuentzat erokeria dena». Egunero 06:15ean jaikitzea, esaterako. Gorka Alvarezek dioenez, antolaketa da arrakastaren giltza. Eta umeek ere zeresan handia dute horretan. «Denek laguntzen dute. Guri baikorra iruditzen zaigu umeek euren ardurak eta betebeharrak izatea. Tabla bat dugu, enkarguekin, eta astero txandaka doa. Lau helduentzat. Afarirako mahaia jartzea, gosarirako dena prest uztea, komuna jasotzea dutxatu gero, jostailuak batzea... Nork bere arropa garbitzera botatzen du, eta hurrengo eguneko arropa prest uzten du. Batek zimur-zimur eginda, besteak txukun... bakoitzari hiru minutu kostatzen zaio, baina egingo ez balute, pertsona bat esklabo egongo litzateke. Mila aldiz esan ostean, eta batzuei zazpi mila, ikusten dituzu emaitzak; eta betegarria da».

«Egun batean Nocilla, beste batean txorizoa, hurrengoan gazta... Ezin da bakoitzarentzat gauza bat prestatu, 'nik hau eta nik hau'». Jale onak dira. Eta ohituta daude partekatzen. Bera sarri jolasten da haiekin: «Futbolean, mendira joaten gara, bizikletan ibiltzera... Denok batera irteten garenean, pelotoia ematen dugu!».

«Ez da posible umeak edukitzea desabantaila izatea gizartean»

Gorka Alvarez Liluraldi elkarteko presidentea

I. Etxeberria

Donostia

Duela hamar urte sortu zen Liluraldi, Gipuzkoako familia ugarien elkartea. Gorka Alvarez da presidentea, eta baita Hirukideko presidenteordea ere (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko elkartea). Ez da kasualitatea. Sei seme-alaba ditu.

Emazteak eta biok sortu zenuten Liluraldi. Zein helbururekin?

Gure lana gizarteari familia ugariak ikusaraztea da. Fama txarra dauka, arrarotzat daukate: batzuek politikarekin lotzen dute (Francok laguntzak ematen zizkiela 18 seme-alaba zituztenei...), beste batzuek elkarte ultrakatolikoekin... Klixe zentzugabe asko dago. Guk ez dugu tratu berezia nahi. Baina gizartean familia ugariak aintzat ez hartzeak kalte egiten digu. Ez da kontuan izaten ezertarako familia batek ume gehiago edo gutxiago edukitzea.



Lortu dituzue aurrerapauso batzuk.

Nahiko aldatu dira gauzak, bai. Komunikabideen eta politikarien aitortza lortu dugu. Eta aldarrikapenak aldatu egin dira. Laguntzarik ez egotetik laguntzaren bat egotera aldatu da. Europan azken putz jarraitu arren, poliki-poliki bagoaz. Bide onetik. Umeak bost urte bete arte 1.100 euro ematen dituzte urtean; seigarren eta zazpigarren urtean 400. Baina ez da nahikoa. Guk legeen inkoherentziak bistaratzen ditugu: ume batek ezin du 16 urte bete arte lan egin; laguntzak, ordea, zazpi urte arte dira. Gehiago gastatzen dute zazpi urte arte? Ez du zentzurik. Eusko Jaurlaritzak laguntza 18 urte arte luzatzeko asmoa du.



Jaiotza tasa asko jaitsi da. Zergatik?

Badirudi orain gora egin duela amiñi bat: inoizko tasarik baxuena izatetik pixkatxo bat gorago dago. Baina 1etik gertu, eta belaunaldi ordezkapenerako emakumeko 2,1 ume behar dira. Ez dugu adin piramiderik: erronboa dugu. Hurrengoek ume asko izanda ere, aurreko belaunaldiak baino gutxiago dira; ia ezinezkoa da horri buelta ematea. Eta gu ez gara natalistak, e! Ezta gutxiago ere. Jendeak askea izan behar du umeak izateko edo ez izateko. Gizartea ez dadila oztopo izan! Inkesten arabera, euskaldunek gustura izango lituzteke ume gehiago. Zergatik ez dituzte? Gizarteko egiturak ez direlako aldatu; gizartea bai, ordea. Izugarri. Emakumeak ez zuen lan egiten; orain bai. Baina ordutegiak ez dira aldatu. Zer egin umeen hiru hileko oporrekin? Ez da posible izango aita-amek oporrak batera hartzea? Lanetik zazpietan irteten bagara, eta umeak bostetan... Aitona-amonak erdi esplotatuta daude. Pentsatu beharko da zer egin!



Zer proposatzen duzue: ordutegi malguagoak, lanaldi motzagoak?

Europako ordutegi eroenak ditugu: lanaldi luzeak, oso zatituak... Arrazionalizatu beharra dago: lanaldi konpaktuagoak, malguagoak... Enpresa helburuak bete, baina erraztasunak izanda lana nahi bezala antolatzeko. Dedikazio handia eskaintzen diogu lanari, eta sarri familia baztertuta dago.



Administrazioak ume asko izatea zigortzen duela diozue.

Kasu batzuetan hala da. Babes ofizialeko etxeak txikiak dira, eta traba administratibo asko daude; beketan ere bai, bost kideko familia hiruko familiaren parean dago... Errenta estandarizatua eskatzen dugu, familia unitateko kideen arabera neurtua; hori da errenta objektiboa. Nik esne, ogi eta makarroi asko erosten ditudalako BEZ mordoa ordaindu behar dut. Eta umerik ez duen beste batek aurreztu egingo du, pentsio plan bat egingo du, eta horrela desgrabatu; eta erretiratzen denean lehentasuna dauka zahar egoitza batean sartzeko, nork zaindu ez duelako. Norbera libre da nahi duena egiteko, baina ez dut zertan hainbeste ordaindu eta batere onurarik izan ez umeak izatea erabaki dudalako. Gizartean ondasun handiena pertsonak dira, diote: ondo heziak, kulturan integratuak... familia dela gehien baloratzen dutena. Eta zergatik daude hainbeste oztopo? Familiak erakundeen babesa behar du.



Dirua al da garrantzitsuena umeak edukitzeko orduan?

Familia ugaria izatea ez da diru kontua bakarrik. Giza balioen kontua ere bada. Txorakeria ematen du, baina hemen amatasun baimena 14 astekoa da, eta Suedian 14 hilabetekoa. Eta, noski, Suedia jaiotza tasa handiena duen herrialdea da Europan. Osakidetzan, azken umearekin, esan ziguten laguntzak bazeudela, eta emaztearen soldatarekin bakarrik, irten egiten ginen laguntzetatik! Txirotasun mailakoak dira ia, oso familia behartsuentzat. Ez gara eskean ibili zaleak: ez da posible umeak edukitzea desabantaila izatea gizartean. Ongietorriak izan daitezela etorkinak, baina bertakook umerik ez badugu, nola transmitituko da kultura? Euskara, ohiturak... dena galduko da.



Liluraldin zenbat familia zaudete?

Ia 1.500. EAEn 11.200 familia daude familia ugari tituluarekin, eta ia 3.800 dira Hirukidekoak. Zenbat eta gehiago izan, indar handiagoa. Saiatzen gara familia guztientzat abantailak lortzen. Bi ume ez dituenak inoiz ez baititu hiru izango!


Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©azrefs.org 2016
rəhbərliyinə müraciət

    Ana səhifə